ITSAS ONDAREA


2012. urteaz geroztik ARMA PLAZA Fundazioak hiriko itsas ondarearen berreskuratze lanak egiten dihardu SUSTRAIA taldearekin izandako lankidetzari eta Hondarribiko Udalaren ekarpen ekonomikoari esker.

Bi jarduera-ildo landu dira. Alde batetik, Mariñel itsasontziaren berreskuratzea, mantentze eta zaharberritze lanak garatzen, Benta Zaharra inguruan hiriko arrantza-jardueraren irudia berreskuratzen laguntzeko asmoz eta Hondarribian arrantzak duen garrantzia gogorarazteko hondarribiarrei nahiz bisitariei.

Mariñel itsasontziak 21,30 metroko luzera du eta Bermeoko Muruaga ontziolan eraiki zen 1985ean. Hegaluzetarako ontzi batetaz ari gara, diseinu klasikoa eta kalitate bikaineko egurrezko kroskoa duena. Gaur egun oso zaila eta garestia da antzeko ezaugarriak dituen egurrezko krosko bat eraikitzea. Esan daiteke Hondarribiko azken itsasontzi klasikoa dela. Hondarribiko Udalak erosi zuen 2012an.

Eta bestetik, Hondarribiko arrantza-jarduera tradizionalari lotuta dauden ahozko testigantzak biltzen lan egin da, arrantzaleekin eta arrantza-jarduerari lotutako pertsonekin elkarrizketan. Amakiña bat itsaso kontu. Hondarribiko arrantzaleen memoria bideoa lan honen erakusgarri da.

SUSTRAIA taldearen lankidetza funtsezkoa izan da proiektu hau gauzatzeko, hurrengo bi bideoetan ikus dezakegun moduan.